|

Hazikoop-ek eta Mondragon Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Euskadin ekintzailetza teknologikoa eta kooperatiboa sustatzeko

  • Akordioaren helburua da unibertsitateko ezagutza ekintzailetza kooperatiboarekin lotzea, bereziki oinarri teknologikoa edo digitala duten proiektuetan.
  • Lankidetzari esker, ekimen ekintzaileak Hazikoop UP! programara hurbildu ahal izango dira. Programa horrek enpresa-proiektu kooperatibo berritzaileak sustatzen ditu.
  • Bi erakundeek prestakuntza, mentoretza eta ezagutzaren transferentziako jarduerak elkarrekin bultzatu ahal izango dituzte.

Hazikoop-ek eta Goi Eskola Politeknikoa–Mondragon Unibertsitateak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Euskadin ekintzailetza berritzailea sustatzeko, bereziki oinarri teknologikoa edo osagai digital esanguratsua duten eta eredu kooperatiboaren bidez garatu daitezkeen proiektuetan.

Mondragon Unibertsitatearen ezagutza teknologiko eta enpresarialaren eta Hazikoop-en ekintzailetza kooperatiboari laguntzeko baliabideen arteko lotura bultzatzeko lan-esparru bateratu bat ezartzen du akordioak. Lankidetzaren helburua da enpresa-aukera berriak identifikatzen laguntzea eta ekintzaileak beren ekimenak garatzeko programa eta baliabide egokienetara bideratzea.

Hazikoop-eko zuzendariak, Marta Areizagak, berrikuntza teknologikoa eredu kooperatibora hurbiltzearen garrantzia nabarmendu du: “Kooperatibismoa sektore teknologikoetan eta berrikuntza handiko sektoreetan ere presente egotea nahi dugu. Mondragon Unibertsitatearekiko lankidetzari esker, ezagutzaren, talentu ekintzailearen eta eredu kooperatiboak enpresa-proiektu berriak garatzeko eskaintzen dituen aukeren arteko lotura estutu dezakegu”.

Lankidetza-ildo nagusietako bat Mondragon Unibertsitatearen ingurunearekin lotutako ekintzailetza-proiektuak Hazikoop UP! programarekin harremanetan jartzea izango da. Hazikoop-en programa horren helburua enpresa-proiektu kooperatibo berritzaileak sustatzea, inkubatzea, azeleratzea eta sendotzea da. Ildo horretan, hitzarmenak aurreikusten du programan sartzeko baldintzak bete ditzaketen ekimenek programaren baliabideak ezagutzeko aukera izatea eta, nahi izanez gero, dagozkien deialdietara hautagaitza aurkeztea.

Hitzarmenak, halaber, prestakuntzako eta ezagutzaren transferentziako jarduerak elkarrekin antolatzeko aukera emango du, hala nola lantegiak, saio teknikoak, mentoretzak, jardunaldiak eta bi erakundeetako profesionalekin, irakasleekin eta adituekin topaketak. Jarduera horien bidez, ezagutzak eta gaitasunak partekatu ahal izango dituzte, eta ekintzailetza teknologikoaren eta kooperatiboaren arloan lankidetzarako bide berriak aztertu.

Akordio horren bidez, Hazikoopek ekintzailetza kooperatibo berritzailearen eta ezagutzaren eragileen eta enpresa-ehunaren arteko loturaren aldeko apustua indartzen du, Euskadin ekonomian, gizartean eta ingurumenean eragina izan dezaketen enpresa-proiektu berrien garapena bultzatzeko.

Antzeko argitalpenak