Hazikoop Up! programaren edizio honetako bost proiektuei laguntzeko fasea abiatu da

Hazikoop Up! programak etapa berri bati ekin dio, parte hartzen duten proiektuei laguntzeko fasea abiatuta. Horretarako, enpresa-kudeaketan, estrategian, berrikuntzan eta lidergoan esperientzia zabala duten profesionalen taldea izango dute bidelagun.

Datozen hilabeteetan, sei mentorek banakako zein taldeko aholkularitza eskainiko diete edizio honetako bost proiektuei, haien garapenean aurrera egiten laguntzeko eta enpresa-ekimen kooperatibo berriak sendotzeko funtsezko arloetan dituzten gaitasunak indartzeko.

Mentore-taldea hainbat arlo estrategikotan esperientzia duten profesionalek osatzen dute:

  • Mentxu Baldazo Fernández, IRIZAR Groupeko Senior Advisor eta zuzendari nagusiorde ohia, proiektuen hazkundea sustatuko du estrategiaren, jasangarritasunaren eta enpresa-zuzendaritzaren ikuspegitik.
  • Begoña García Muniozguren, MLAKOOPeko Itzulpen eta Komunikazio zuzendaria, kudeaketa kooperatiboari, eraldaketari eta markaren komunikazioari lotutako alderdiak landuko ditu taldeekin.
  • Rosa Maria Carabel Di Paola, EROSKIko CEOa, lidergoaren, enpresa-eraldaketaren eta eredu kooperatiboaren arloko esperientzia eskainiko du.
  • Maria Marin, Ausolan Fundazioko presidentea, taldeei orientazioa emango die garapen komertzialean, kooperatibismoan eta enpresen eragin sozialean.
  • Amaia Agirre Inza, Berrikuntza Korporatiboko arduraduna eta Ausolan Fundazioko kudeatzailea, jasangarritasunarekin, aldaketaren kudeaketarekin eta berrikuntzarekin lotutako gaiak landuko ditu.
  • Leyre Madariaga, TECNALIAko Europako Gai eta Agenda Publikoko zuzendaria, proiektuei lankidetza publiko-pribatuaren, Europako testuinguruaren eta berrikuntzaren gakoak ulertzen lagunduko die.

Laguntza-programa honen bidez, Hazikoop Up! ekimenak parte hartzen duten proiektuen aldeko apustua indartzen du, haien garapenean aurrera egiteko eta eredu kooperatiboak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko ezagutza, baliabideak eta aholkularitza espezializatua eskainiz.

Antzeko argitalpenak