Hazikoop Up! programaren etapa berri bati ekin dio Bilboko BAT Dorrean, prestatzaile espezializatuek emango dituzten saioak abian jarrita. Hurrengo hilabeteetan, enpresa-arlo desberdinetan esperientzia duten zazpi profesionalek lagunduko diete parte hartzen duten taldeei beren ekimen enpresarial kooperatiboak garatu eta sendotzeko funtsezko ezagutzak eta tresnak eskuratzen.
Programak hainbat prestakuntza-modulu biltzen ditu, besteak beste, kooperatiben gobernantza, negozio-ereduak, marketina, merkataritza-kudeaketa, finantzak, inbertsioa, banku-finantzaketa eta kooperatiben arlo juridikoa eta fiskala lantzeko. Saio horien bidez, parte-hartzaileek beren proiektuak sendotzeko, kudeaketa hobetzeko eta enpresa-garapenean aurrera egiteko funtsezkoak diren arloetan sakonduko dute.
Zazpi profesional, proiektuei laguntzeko
- Norberto Albóniga Buruaga, Hazikoop-eko ekintzailetza-teknikaria, kooperatiba-gobernantzaren munduan murgiltzen lagunduko die parte-hartzaileei.
- Miguel Ángel Larrinaga Ojanguren, Deustuko Unibertsitateko irakasle titularra, negozio-eredu desberdinak ezagutzen eta ulertzen lagunduko die.
- Lucía Sáez Vegas, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea, marketinaren oinarriak eta proiektuak ezagutarazteko eta bultzatzeko duen garrantzia azalduko ditu.
- Laida San Sebastian Larzabal, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea, merkataritza-ekintzari buruzko modulua emateaz arduratuko da.
- Josu Mugarra Urrutia, Eroski Taldeko Ecofin zuzendaria, finantza-arloan dituen ezagutzak partekatuko ditu.
- Oihana García Pereda, LKS Next LEGALeko abokatua eta Zuzenbide Kooperatiboko koordinatzailea, kooperatiben arlo juridikoa eta fiskala ulertzeko gakoak azalduko ditu.
- Amaia Marañón Lizundia, LABORAL Kutxako Bizkaia eta Kantabriako enpresa-bulegoen zuzendaria, inbertsioaren eta banku-finantzaketaren arloan trebatuko ditu taldeak.
Laguntza horren bidez, Hazikoop Up! programak parte hartzen duten proiektuei baliabideak, ezagutza eta orientazio espezializatua eskaintzeko konpromisoa indartzen du, beren garapenean aurrera egin dezaten eta eredu kooperatiboak eskaintzen dituen aukerak azter ditzaten.

