Programaren lehen deialdiak emakumeek teknologia-arloko ekintzailetza kooperatiboan gero eta pisu handiagoa dutela erakusten du.
Berrikuntza teknologikoak gero eta emakume aurpegi gehiago du. Hazikoopek B Accelerator Tower (BAT) gunean duen Hazikoop up! azelerazio eta inkubazio programaren lehen deialdiak datu esanguratsu bat utzi du. Aurkeztutako teknologia-proiektuen %69k emakumeak dituzte beren talde sustatzaileetan.
Arlo bakar batera mugatu beharrean, ekimenek askotariko sektoreak hartzen dituzte, besteak beste, adimen artifiziala, droneak, osasun digitala, industria 4.0, elikadura jasangarria, hezkuntza eta ekonomia zirkularra. Oinarri teknologiko sendoa duten ekimenak dira, eta gure ekonomiaren eta gizartearen erronka nagusiei erantzuteko gaitasuna dute.
Datu horrek gero eta nabarmenagoa den joera bat erakusten du. Emakumeek gero eta toki handiagoa hartzen dute berrikuntzan oinarritutako ekintzailetzan, eta hazteko eta eragina sortzeko ahalmen handia duten proiektu teknologikoen sustapenean parte hartzen dute.
Izan ere, Hazikoop up! programa mota horretako ekimenak bultzatzeko sortu da; ildo horretatik, hazteko, berritzeko eta balio partekatua sortzeko bide gisa eredu kooperatiboaren alde egiten duten proiektu teknologikoen bidelagun izan nahi du.
Lehen deialdian emakumeen presentzia handia izateak berresten du ekintzailetza teknologiko kooperatiboak pizten duen interesa eta Euskadin badagoela talentua, lankidetzan oinarritutako proiektu berritzaileak garatzeko.
Let’s koop!
