Hazikoopek 2025eko balantzea aurkeztu du. Ekitaldi horretan, Euskadin 118 kooperatiba berri sortzea bultzatu du, eta 271 lanpostu sortu ditu. Mikel Larrea presidenteak dioenez, ekitaldi horrek berretsi egiten du “kooperatibismoak jarduera ekonomikoari eusteko eta enplegua sortzeko duen gaitasuna, eraldaketa produktiboko testuinguru batean”.
Sustatutako kooperatibak hiru lurralde historikoetan banatu dira: 65 Gipuzkoan, 40 Bizkaian eta 13 Araban; 144, 88 eta 39 enplegu sortu dituzte, hurrenez hurren. Banaketa horrek ereduaren lurralde-ezarpena eta errealitate ekonomiko desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna islatzen ditu.
Tipologiaren arabera, ekimen gehienak lan elkartuko kooperatibei dagozkie (107 proiektu), eta, horiez gain, kontsumo-, etxebizitza- eta bigarren mailako kooperatibak eta nekazaritza- eta elikadura-arloko ekimen bat daude. Horrek erakusten du eredu kooperatiboa hainbat sektoretan aplikatzen ari dela.
2025eko balantzeak joera garrantzitsuak ere islatzen ditu, hala nola pertsona migratzaileek bultzatutako proiektuen hazkundea, azken urteetan bost proiektu kooperatibotatik bat ordezkatzen baitute dagoeneko.
Hazikoop-en jarduera ez da enpresa berriak sortzera mugatzen. Urtean zehar, erakundeak 2.891 kontsultari erantzun die, kooperatiben eraketari, barne-funtzionamenduari, alderdi fiskalei edo enpresa-eraldaketako prozesuei buruzkoak. Gainera, Hazikoopek hasierako faseetan dauden proiektuetarako laguntzari eutsi dio, eta 131 kooperatiba tutorizatu ditu beren lan-bizitzako lehen urtean, funtsezko elementua baita bideragarritasuna hobetzeko eta merkatuan sendotzeko.
Mikel Larrea presidentearen hitzetan, «datuek berresten dute kooperatibismoak egokitzeko gaitasunari eusten diola eta kalitatezko enplegua eta proiektu iraunkorrak sortzeko tresna eraginkorra izaten jarraitzen duela«.
2002an sortu zenetik, erakundeak 3.398 kooperatiba baino gehiago bultzatu ditu, % 73tik gorako biziraupen-tasarekin eta 8.500 enplegu baino gehiagorekin. Zifra horiek kooperatibismoa enpresa-formula egonkor gisa eta lurraldean errotzeko gaitasunarekin sendotzen dute.
